ATAUNGO ORGANOA
San Martin elizako koruan dago kokatuta. Barroko estilokoa da eta estilo horren barruan, “organo iberiko” deitu motakoa. Gipuzkoa osoan horrelako zazpi organo daude eta horietatik Ataungoa garrantzitsuenetakoa da, garaiko soinu unerik gorenaren eredu aparta.
  
Hara zer dion haize-kutxa barruan dagoen eskuz idatzitako inskripzioak: “este órgano trabajo Lorenzo de Arrazola el año 1761 Becino de la Villa de oñate”. Beraz, organo egile ospetsu baten lana da eta, gainera, organo klasiko edo barroko iberikoaren garairik emankorrenean egindakoa (12.000 errealen trukean).
Egurrezko osagaietan, intxaurrondoa, gaztainondoa eta haritza erabili zen; eta neurri txikiagoan, pinua. Beste osagai batzuetarako burdin forjatuaz eta eztainuaz (hodientzako) baliatu ziren.
1992an berriztatzen lanetan aritzen den Jose Maria Arrizabalaga aditua etorri zen organoaren egoera aztertzera. Orohar, ondo mantendutako organoa zela baieztatu ahal izan zuen (egurrezko elementuen egoera ona azpimarratzekoa izanik) eta hori, zeukan berezko kalitateari zor ziola. Dena den, organoaren gainean denborak izandako eragina ere ezin ukatu eta ondorioz, berriztatzeko premia bazuela eta, musika tresna ikusgarri hau piezaz pieza desegin eta Kataluniara, aipatu adituaren tailerrera eraman zuten (kaxa hutsik eta organojolearen aulkia bakarrik utzi zituzten Ataungo elizan).
Lanak amaituta, 1996ko azaroaren 11an, San Martin egunean hain justu, Ataungo San Martin elizan antolatutako kontzertuari esker (XVII. Bach musikaldiaren barnean antolatutakoari esker, alegia), bere soinua entzun ahal izan zuen berriro horrelako musika tresnen zale orok.
Deskribapena
San Martin elizan sartzen den edonor, sartu bezain laster, organoaren edertasunak jota gelditzen da ezinbestean. Izan ere, kaxa bera (osagairik begi-bistakoena) berehalakoan nabarmentzen da, oso dotorea baita. Juan Antonio de Maiz eta Joaquin Antonio Barasategui maisuek egindako lana da (organo egileak ezarritako trazari jarraituz). Organoaren fatxada edo aurrealde horrek hiru zati dauzka:
- Basamentuan (oinaldean) teklatuaren leihoa dago eta albo bietan erregistroen tiragailuak. Bi ate ere badaude, alde banatan, organo barrura, auspoen gelara, sartzeko. Berez kaxa dena aurrealdea edo fatxada baino murritzagoa da, ateen eta frontoiaren erlaitzaren arteko espazioa hartzen baitu bakarrik.
- Basamentuaren eta frontoiaren tartekoa, berriz, aurpegia da. 81 hodi konta daitezke bertan (37 soinudunak; 36 gorpuztunak izan arren, apaingarri gisa daudenak; eta 8 margotutakoak). Hara nola dauden jarrita:
- Mitra itxurako 5 gaztelu horietan, 37 hodi soinudunak.
Albo banatan, ateen gainean, margotutako 8 hodiak. Hodion ahoak mairuen maskaroiekin apainduta ageri dira, turbante eta guzti, hortz galantak erakusten dituztelarik. Hodi horien gainean, alde batean zein bestean, kortina gorri bana ikus daitezke margotuta, beren lokarri eta borlekin.
- Mitra txikien gainean, binakako talde bi osatzen dituzten lau hutsune daude eta beroietan 16 hodi gorpuztun, bapaingarri hutsak, launa hutsune bakoitzean. Hutsune horiek bi alturatan daude kokatuta, behekoak hego itxurakoak dira eta goikoak M itxurakoak. Multzo geometrikoa lortzen da benetan.
- Fatxadaren buruan, borobil formako frontoia dago, loretzar eta bolutekin apaindutakoa. Tinpanoan, gezurrezko leiho batean, 7 hodi daude margotuta.
Organo honek bi teklatu dauzka: bata, eskuekin jotzekoa, 45 nota dituena (C - c’’), “de octava grave diatónica u octava corta” erakoa; bestea, 8 nota dituena (C - H), “diatónico de Contras” deitu motakoa. Horiez gain, 35 erdi erregistro ditu (15 bajoentzako eta 20 tipleentzat) eta kontra multzo bat ere bai. Tiragailuak intxaurrondoaren egurrez eginak daude, muturrek boja dutelarik.
Guztira 1.450 hodi dauzka organoak: 1.399 soinudun edo benetakoak eta 51 gezurrezkoak edo apaingarri bezala daudenak. Hodiok egiteko eztainua eta gaztainondoaren zein haritzaren egurra erabili dira.
Sekretua intxaurrondoaren egurrez egina dago eta pieza bakarrekoa da; bere hamaika oholen gainean daude ipinita hodiak. Kontren sekretuak, aldiz, bi pieza dauzka.
Organoak hain beharrezkoa duen haizea lortzeko bi hauspo ditu (eta hauspo bakoitzak zazpi tolestura), kuneiforme edo abaniko itxurakoak. Egurra haritzarena da eta larrua baldez motakoa. Hauspoen neurriak hauetxek dira: 1950 x 1040 mm. Hauspo horiek “elikatzeko”, soinu gabeko kabina batean, motoredun haizagailu isil bat ere bada. Beraz, hauspoak mugitzeko bi era daude: eskuz, edo motoredun haizagailu elektriko horren bidez.

Berezitasunak
Organo klasiko iberiko deituen barruan eredu bikaina eta ederra da Ataungoa, soinu ezaugarri orotan bete-betean garatua dagoena: flauta eta nasardoen piramidea dauka, Bete, Zinbalo eta Gainzinbalo erregistroetan burutzen dena; 13 eta 26 arrabeteko pedal zapaltzaileak, korneta gainaltxatua, goiena jo duen batailako tronpeteria eta oihartzunen kutxa. Horiez gain, garai hartako organoen berezko ezaugarriak ere baditu: txoritxoak, errebolanderak, danbor et tinbalak.
San Martin elizako organo honek daukan kalitatearen eta ospearen adibide gisa aipa daitezke bere soinua jasoz grabatutako bi musika saioak. 1981ean eta 1997an izan zen hori, Esteban Elizondo organojolearen eskutik eta EEBBetako nahiz Alemaniako bi diskoetxeentzat, hurrenez hurren. Era berean, urtero Ordizia eta Ataun artean antolatzen den "Barroko aire" jaialdian ere izan ohi da Ataungo Organoaren kontzerturen bat.
Berriztatze lanetan jardun zuen Joxe Maria Arrizabalaga organo maisuaren arabera, “iraganak utzi digun artelan miresgarri baten aurrean gaude eta horrelakoetan, gizalegeak berak agintzen du ezin dela desegin ezta aldatu ere, ondo pentsau eta hobeto egindako zerbait. Praktikan, gaizki eraikitako organoek ez dute gehiegi irauten. Aitzitik, ondo egin eta egoki zaindutakoek bemdeetako bizia izan dezakete”. Hortan, Ataungoa eredu gisa hartzekoa da: 1761az geroztik, igandero (eten laburrak tartean) bere soinuaz bete baitu San Martingo eliza. Eta 250 urte betetzear dago.
Irudi hauek guztiak eta gehiago ikus ditzakezu Iker Apalategik aterata eta Atauniker Elkarteak eskainita erakusleiho honetan:

|